Asteazkena, 2013ko irailak 25a.
Falta direnak gogoan.
Carlsenek eta Anandek ez dute Bilboko torneoa jokatuko, munduko titulurako lehia prestatzen ari direlako.
Imanol Magro Eizmendi.
Gehiago hitz egin da ez daudenez, daudenei buruz baino. Grand Slameko Maisuen VI. Torneoa aurten berriz jokatuko da
Bilbon, urriaren 7tik 12ra, eta faltan izango ditu bi jokalari oso handi. Viswanathan Anand munduko
txapeldunak eta Magnus Carlsen
FIDE zerrendako lehen sailkatua eta torneoaren azken bi aldietako txapeldunak
ez dute parte hartuko. Azaroan munduko titulua izango dute jokoan, eta biak ala
biak buru-belarri ari dira lehia hori prestatzen.
Ez dutela parte hartuko «azken orduko berria» izan dela azaldu zuten atzo
antolatzaileek. Carlsenek eta Anandek
azaroaren 7tik 26ra neurtuko dituzte indarrak, Chennayn
(India), eta xake mundua hara begira dago. Aurretik, baina, Bilboko torneoa
jokatuko da. Aurten Bilbon bakarrik jokatuko da, Mexiko Hiriak uko egin diolako
antolatzeari. Azken bi aldietan Shanghain eta Sao Paulon ere jokatu zen. Hiri barneko kokagunea ere berria
izango da: Zabalguneko merkatua. Aurreko aldietan, Alondegian eta Plaza Barrian jokatu izan da, beirazko kutxa handi baten barruan.
Azken orduko berregituraketaren erruz, lau parte hartzaile izango ditu
bakarrik, azken aldietan baino bi gutxiago. Levon Aronian armeniarra izango da faboritoa, FIDE zerrendako
bigarren sailkatua. Iragan martxoan, laugarren izan zen munduko titulurako
lehian sartzeko antolaturiko hautagaien torneoan. Aronianek
oso ondo ezagutzen du Bilboko plaza: Azken bi urteetan hirugarren izan da, eta
2009an berak irabazi zuen. Aurten Alekhineren
oroimenezkoa irabazi du, Parisen eta San Petersburgon
jokaturikoa.
Beste hiru partaideentzat, Bilboko maisuen torneoa jokatuko duten lehen aldia
izango da. Shakhriyar Mamedyarov
izango da Aronianen mehatxu nagusia. Azerbaijangoa
munduko zazpigarren sailkatua da, eta aurten Pekingo Sari Nagusia irabazi du.
Gazte mailako munduko titulua irabazi duen xakelari bakarra da.
Michael Adams ingelesa
munduko 12. sailkatua da egun, eta duela hilabete batzuk Dortmungo
Torneoa irabazi zuen. Bere garaian, 2004an FIDEren
mundu torneoko txapeldunorde izan zen, eta munduko titulua lehiatzeko
hautagaien torneoan jokaturikoa da. Bilbon ariko den azken xakelaria Maxime Vachier-Lagrave gaztea
izango da. 22 urte ditu, eta 14 urte pasatxorekin lortu zuen Maisu Handi
titulua. Egun 26. sailkatua da FIDEren zerrendan eta
Frantziako txapelduna.
Bilboko torneoa ligaxka bidez jokatuko da, bi itzulirekin. Bertan, Bilbo
legea aplikatuko da: Garaipenek hiru puntu balio dute, eta berdinketek,
bakarra. Sofia legea ere indarrean egongo da; beraz, epaile batek
berdinketak ontzat eman beharko ditu jokalariek adostu ditzaten eragozteko.